Egun batzuk pasatu dira jada, baina Eskola Txikien jaiaren antolakuntzan ibili garenontzat oraindik bizi bizirik dago ospakizun honek ekarri digun atsegina.
Denbora asko igaro dugu Basakaitz Ikastetxeko gurasook jai honen nondik norakoak bideratu nahian eta horretan laguntzaile izan ditugu herriko zenbait lagun eta eskolako irakasleak.
Arian-arian egin behar jakinak azaleratzen hasi ziren eta askotan herrian bertan topatu genuen lehen erantzuna: abestia, bertsoak, aurkezpenak, jai egunerako azpiegitura...
Bestelako laguntza batzuk ere bilatu ditugu, ekonomikoak, lantegi eta elkarteen eskutik, alde batetik eta eskulana bestetik. Arlo bietan, Udaletxearen parte hartzea eta bertako ordezkari eta langileen portaera ere aipagarria izan da, beren esku dauden baliabide guztiak jarri baitituzte antolakuntzaren zerbitzura eta azken orduko ustekabe guztiei eraginkortasun osoz erantzun baitiete.
Baina, hau guztia ikaragarri lagungarri, aberatsa eta pozgarria izan bada ere, are gehiago izan da jaian bertan antolatzaileekin batera lan desberdinetan (trafikoa, bazkaria, taberna, txosna, kontsigna, kamiseta eta eskola materialen salmenta, emanaldia...) parte hartu zuten guztien laguntza eta elkartasuna.
Jaiari oso balorazio ona egin diogu antolatzaileok. Arlo guztietan emaitza oso positiboa izan da. Zalantzarik gabe, arrakasta hori zuei guztioi zor dizuegu.
Bene-benetan, MILA ESKER!
AIZARNAZABAL´04 festaren antolakuntza batzordea