Erreportaiak
1993KO JAIA AIZARNAZABAL. JOXEREN ELKARRIZKETA
Orain dela hamaika urte ere Aizarnazabalen "Eskola Txikien Festa" ospatu zela kontatu digute gurasoek behin baino gehiagotan. Gu, Basakaitz herri ikastetxeko ikasleak egun hartan gertatu zenaz oroitu ezin garenez, galdeketa bat egitea bururatu zitzaigun orduan Guraso Elkarteko kide zen eta orain herrian alkate dagoen Joxe Larrarteri.
Hona hemen berak kontatu ziguna:
- Urteko zein egunetan ospatu zen jai hura?
- 1993.eko ekainaren 20an.
- Zergatik ospatu zen Aizarnazabalen?
- Urte haietan ikasle gehiago zeuden eskolan, ehun inguru, eta ez ginen Eskola Txikien koordinadorako partaide, baina Aizarnak, Oikiak, Miak eta Arroak tokia eskatu ziguten festa aurrera eraman ahal izateko, haien herrietan frontoirik ez zegoelako. Baietza eman genien eta denon artean prestatu genuen jaia.
- Nola moldatu zineten antolaketan? Nortzuk hartu zuten parte?
- Herri bakoitzeko bi lagun biltzen ginen. Aizarnatik Amaia Larrañaga eta Guraso elkarteko beste kideren bat, Oikiatik Jesús Alkorta eta Ixiar Beristain, Arroatik Xanti Artetxe eta Tomas Uranga eta Meagati Xabier Aldalur Marzol etortzen ziren. Herrikoak, berriz, Eduardo Agirrezabalaga, Trini Zubizarreta, Ixiar Etxabe, Belen Zubizarreta eta ni.
- Non eta noizero biltzen zineten?
- Eskolan elkartzen ginen. Hasieran hamabostero eta eguna gerturatu ahala astean behin.
- Lanak nola banatu zenituzten herrien artean? Erraza izan al zen?
- Ez zen aurtengoan adina lan. Ardurak banatu eta ondo moldatu ginen. Batek bertsolariak, besteak entretenigarriak (Peter Roberst mimoa, adibidez), bazkaltzeko lekua, taberna, izozkien salmenta...
- Nondik jaso zenuten diru laguntza festa aurrera eraman ahal izateko? Inguruko enpresek eta udaletxeek lagundu al zuten?
- Ez, enpresek ez zuten parte hartu. Taberna jarri genuen eta udaletxeek ere lagundu zuten, Zumaiak, Zestoak eta Aizarnazabalek.
- Abesti berezirik asmatu al zen jai horretarako?
- Ez, orduan ez zen horrelakorik egiten. Hori geroagoko ohitura da.
- Kamisetarik saldu al zenuten?
- Bai, baina denak kolore berekoak. Ez zegoen aurten bezalako aukerarik.
- Aparkaleku berezirik jarri al zenuten?
- Ez, herrian bertan aparkatu zuten.
- Kanpotik etorritako jendearentzat bazkaririk prestatu al zenuten?
- Guk tokia jarri genuen eta bakoitza moldatu zen, etxetik ekarrita edo tabernetan erosiz.
- Karparik jarri al zen?
- Ez, maixuko atzean kokatu genuen oholtzarekin moldatu ginen.
- Nork aurkeztu zuen emanaldia?
- Jexus Alkorta oikiarrak eman zion hasiera eta berak zuzendu zuen emanaldia, baina Aizarnazabalgo bi ikasle lagun izan zituen.
- Jende asko etorri al zen?
- Ez dakit zenbat eskolek hartuko zuten parte, baina guztira ere ez ziren 1000 lagun bilduko.
- Haur jolasik antolatu al zenuten?
- Bai, Miako guraso bat arduratu zen, Xabier Aldalur Marzol, ume jolasetaz. Berak antolatu zituen.
- Gustora geratu al zineten egindako lanarekin?
- Taldetxo baten elkarlanaren emaitza izan zen eta denok eskua botaz ondo moldatu ginen. Gainera eguraldia ere lagun izan genuen.
Bukatzeko aipatu nahi genuke Joxek emandako erantzunak borobiltzeko Oikiako Jose Alkorta eta herritarrak diren Ixiar eta Arritxu Etxaberen laguntza izan dugula eta haiei ere gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegula.
Beno, aurtengo festa ordukoa bezain ona edo hobea izatea espero dugu .Ez ahaztu ekainaren 13an guztiok festan parte hatu behar dugula.
Basakaitz Eskolako 3,4.eta 6.mailako ikasleak.
Marrazkiak:Haur Hezkuntza
+ Erreportaiak gehiago