navegacionsuperior2
menuizquierda2
menuderecha2
contenidos2

Aizarnabalgo Udala

Aizarnazabalgo udala

Erreportaiak

ESKOLA TXIKIAK BIZIRIK KOORDINAKUNDEA

Horrela, gure herrialdean 2 eta 5 talde bitartean dituzten ikastetxeak 28 dira. Hauek guztira 150 inguru irakasle dituzte eta 1.000 ikasle baino gutxiago oinarrizko ikasketak eta prestakuntza jasotzen.

Bolumen txikia lurralde osoko 113 ikastetxe publikoetan ari diren 25.000 ikasleekin erkatzen badugu, baina Eskola Txikiek betetzen duten funtzioa zenbaki proportzio honek adierazten duena baino askoz garrantzitsuagoa dela argudiatzen duten funtsezko arrazoiak badira:

  • Herrialde aurreratu eta industrializatuenak ere behar-beharrezkoa du nekazaritza eta abeltzaintza, hau da, landa ingurua.
  • Azken belaunaldietan ordea, bestelako joera nagusitu da, eta gutxi dira baserrian geratu nahi duten gazteak eta gutxi ere ekoizpen sektore hauetan ogibidea bilatzen dutenak. Beraz, herri txiki eta auzoek husteko joera hartu dute.
  • Fenomeno horri aurre egiteko ezinbestekoa da hiri eta herri nagusienetatik aparte dauden bizigune txikietako zerbitzu eta azpiegiturak mantentzea edo,behar bada, osatzea. Eta, nola ez, hauen artean garrantzi berezia dute eskolek, izan ere, hain beharrezkoa den belaunaldi-erreleboa emango bada, ezinbestekoa da hauen seme-alabek beren lehen heziketa mailak etxetik gertu eta duintasun osoz egin ahal izatea.

Honetaz guztiaz aspaldi jabetu ziren Administrazioko arduradunak, eskola horietan aritzen diren irakasleak eta bertan hezi diren eta hezten ari diren ikasleen gurasoak.

Lehenengoek, egindako guztia inoiz gehiegi ez den arren, arreta berezia jartzen diete neurri txikiagoko zentro hauei eta baliabide material eta pertsonal horniketa egokitua eskaintzen diete.

Irakasleek funtsezko zeregina dute proiektu honetan, izan ere, ahalegin berezia egin behar izaten dute, berariazko ikas-irakas prozesuak pedagogi eta didaktikoki taldeko ikasleria heterogeneoari egokitzearren.

Eta Eskola Txikietako gurasoek ere beren eginbehar eta eragozpen bereziak izaten dituzte. Horregatik sortu zen bere garaian Eskola Txikien Koordinadora, arazo eta erronka komunei elkarrekin ekiteko.

Elkarte honen zereginen artean, aurretik aipatu ditugun argudioen aldarrikapena indarrean mantentzea da. Eta horretarako urtero Eskola Txikien jaia ospatzen da erakundea osatzen duten herrietakoren batean. Aurtengoa, 17. da eta Aizarnazabalek dauka lekukoa, datorren ekainaren 13-rako, eta, noski, bertan ekitaldi honek bere-berea duen leloari ohore egingo diogu: ESKOLA TXIKIAK BIZIRIK,HERRI TXIKIAK BIZIRIK.

Gipuzkoan 28 Eskola Txiki dira. Baina, zeri deitzen diogu eskola txikia? Ba, beste batzuen artean ezaugarri hauek betetzen dituen ikastetxeari:
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak dira.
Gehienetan landa inguruetan kokatuta daude. Edonola ere, herri edo auzo txikietan eta herri nagusi edo hiriburutik urrun.
Ez dira ikasmaila bakoitzeko ikastalde bana izatera iristen. Horregatik, talde berean maila eta adin desberdinetako ikasleak biltzen dira.

Eskola Txikien Lehendakaria

Koordinadoraren zuzendaritza, barne antolamenduari jarraituz, bi urtean behin aldatzen da. Baina kanpo harremanetarako, nagusiki, eta epe luzeko egitasmoetarako ere bai, irudi iraunkorra ekainiko zuen norbaiten beharra sumatzen zen elkartean,hau da,Lehendakari Iraunkorraren beharra. Bada, zeregin horren ardura har zezan, Eskola Txikien jatorria,ezaugarri eta erronkak ondo baino hobeto ezagutzen dituen kide bati luzatu zion eskaera koordinadorak: Gloria Castaños And., Ikaztegietako Herri Eskolako ama.

Eskola Txikien Logotipoa

Urtero antolatuko den jaiak bere irudia sortzeari uko egin gabe, guztiok batu eta ordezkatuko gaituen logotipo baten hutsunea ere bazegoen. Hori gainditzeko, Eskola Txikien logotipoa eratzeko prozesua ireki zen orain bi ikasturte. Ikasleen marrazkietan oinarritutako ekoizpena lortu zen. Lan horren ardura, lanbidez marrazkilaria den ama batek hartu zuen.

+ Erreportaiak gehiago

 
Aizarnazabalgo Udala · Ayuntamiento de Aizarnazabal 2007 © :..e-Dukin EntreWEBS..: