navegacionsuperior2
menuizquierda2
menuderecha2
contenidos2

Aizarnabalgo Udala

Aizarnazabalgo udala

Erreportaiak

GIPUZKOAKO BAILARETAKO ESKOLA TXIKIAK

Gipuzkoako auzo eta bailaretako egoera bereziak (baserri sakabanatuak, egoera ekonomiko larria,haurren eta gurasoen eskolarako motibaziorik eza,erlijioaren eragina, ingurune malkartsuak,...)baldintzatu zuen bertako eskolaratzea.Egoera honek ekarri zuen kokagune hauetan eskola publiko eta erlijiosorik ez eraikitzea.Beraz,ingurune hauetan,auzotarrek eraikitako eskola txikiak ,hots,bailaretako-eskolak,izan ziren arazoari irtenbidea emateko era bakarra.Auzotarrak,haurren familiak eta noiz behinka instituzioak (udalak eta Diputazioa bereziki)izan ziren eskola hauen suspertzaile eta sostengu nagusiak.

Bailaretako-eskolak gehienetan auzoko baserri batetan edo baselizaren ondoko etxean kokaturik egoten ziren.Baliabide gutxiko eskolak izanik,bertako irakasleak inguruko emakume eskolatu edo sasi letratuak izaten ziren gehienetan,baita kasu batzuetan auzoko apaiz edo erlijiosoak ere.Hauetako askok gaztelera ez zuten menperatzen eta prestakuntza gutxikoak ziren.Beharrak bultzaturik,eta beste aukerarik ez zegoenez, landa auzoetako eskola hauek ahal zuten moduan iraun zuten XIX.eta XX.mendean zehar.

Gipuzkoako Aldundia eta landa-auzoetako eskolak

Euskal Herrian eskolei laguntzeko tradizioa aintzinatik datorkie udal eta Aldundiei. Herri eta hirietako heziketa bideratua zegoenez (eskola publikoa, eskola pribatuak,...) landa auzoetako arazoa zen bideratu beharrekoa. Mende hasieratik Gipuzkoako Aldundiak, hainbat proposamen landu zituen, baina 1930eko abendura arte ez zuen plazaratu martxan jarri zuen lehen proiektu orokorra. Haserako asmoa bost urtetan 100 eskola eraikitzea izan bazen ere, egoera soziopolitikoa medio, bost urtetan 21 eskola eraiki ziren. Proiektu honen garapena eta biziraupena motza izango da. Gipuzkoako auzo-eskolak, Bizkaikoekin batera, 1938eko apirilak 18ko dekretuaren aginduz, Espainiako Eskola Nazioanl bihurtuko baitziren.

1913eko abenduan Gipuzkoako Aldundiko batzarraldian, diputatua zen Aguinaga jaunak, landa-auzoetan diagnosia egin ondoren, Gipuzkoako 80 udaletan, alfabetatu gabeen kopurua &60 baino handiago zela nabarmendu zuen eta honako arrazoaik zehaztu zituen:

  1. Gurasoen berekoikeria, eskolatik kanpo ateratzen baitzieten etekina beren umeei.
  2. Aginte, instituzio eta kargudun pertsonen utzikeria, axolagabekeria.
  3. Eskolen urruntasuna haurren etxebizitza eta baserrietatik.

Egoera honetan eskola berriak eraikitzea proposatu zuen, Espainiako Ekainak 24ko 1913ko Ebazpnea eraikuntzei buruz esaten zuena kontutan hartuz. Honela, urtean 6 eskola egiteko asmoa agertu zuen Aldundiak eta 50.000 pezetako aurrekontua aurreikusi ere bai, lehentasuna herri eta auzo alfabetatu kopuru murritza zutenei emango zitzaiela adieraziz.

1921an Julian Elorza jaunak, karlista eta euskaltzaleak, Diputazioko Lehendakari kargua hartzerakoan eginiko azalpenetan, gogorki salatu zuen azken urteetan emaniko hezkuntza politika. Berak zioen Hezkuntza arloan Estatuak Aldundiari ia eskumen guztiak kendu zizkiola eta erlijioso ordenengatik izan ez balitz Gipuzkoa Estatuko lurralde atzeratuenetakoa izango litzatekeela.

Hitzaldi berean, Gipuzkoako hezkuntzari buruz, honako analisia egin zuen:

  • Eskola nazionalak zirela diru gehien jasotzen zutenak, baina azpimarratuz 201 maisu nazionaletatik, 90ek ez zekitela euskaraz (%45).
  • Eskola pribatuek, ez zutela kontrol handirik, baina beren zeregina beharrezkoa zela, eskola nazionalen ezina osatzen baitzuten.
  • Auzo edo bailaretako eskolei zegokienez zera zioen, hauei arreta gutxi jartzen zitzaiela eta landa-auzoetako haur gehienak hauetara joaten zirela.

Bost urte geroago, 1926an, Aldundiak diru laguntzak banatzerako egokia izango litzatekeela irizpideak finkatzea proposatu zuen, eta bailaretako eskola-txikien berri jakin nahian, urte berean galdeketa bat bideratu zuen udaletara, herriz-herriko zehaztapenak eskatuz

Estatistika honek auzoetako eskolen informazio eta berri zuzen eta osatua ematen digu (datu hauen arabera landa-auzoetan 9 udal-eskola, 31 eskola nazional eta 92 txiki partikularrak -eskola hauei mend-eskola eta baita bailaretako-eskola ere deitzen zieten).

Gipuzkoako bailaretako eskolen egoera

1927 eta 1928ko datu estatistikoen arabera,oro har 236 auzoetan 120 eskola zeuden (hainbat eskola nazional barne).Beste 80 auzo eta bailarek ez zuten eskolarik.Eskola hauen egoera eta ekimenari buruz zera esan genezake:

  • Eraikuntzei dagokionez baldintza onean zeudenak oso gutxi ziren.Udalek ez zuten behar adina dirurik ematen hauek konpontzeko eta ematen zen diru saria,maisu-maistrak ordaintzeko izaten zen gehienetan (bataz-beste 250-500 pezeta urteko).Eskola askok ez zuten sosik ere jasotzen.
  • Altzarien egoeraz, eskola-txiki gehienetan mahai eta aulkien falta nabarmena zen.
  • Curriculuma: dotrina eta oinarrizko edukiak ikasten zituzten, irakurri, idatzi eta kalkulua. Hortik apartekoa,bertako maisu-maistraren jakintzaren arabera izaten zen. Irakaskuntza euskaraz eta gazteleraz izaten zen eta baita bi hizkuntzetan ere.Eskola batzuetan euskaraz hitz egiteagatik zigortu ere egiten zen,gaztelera beharrezkoa ikusten baitzen.
  • Ikasleria. Eskoletara 6-12 urte bitarteko ikasleak joaten ziren.Gehienek euskaraz bakarrik mintzatu eta ulertzen zuten. Asistentzia ez zen jarraia eta urte sasoiaren baitan zegoen, baserriko lanak egiterakoan eskolak hutsik gelditzen baitziren.
  • Maisu-maistrak (auzo batzuetan sasi-maistrak deiturikoak). Gehienetan titulugabeak izaten ziren eta kasu batzuetan gazteleraren ezagupenik izaten ez zutenez, hau ikastea eskatzen zitzaien. Apaiz, sakristau, serora eta mikeleteek ere izaten zuten eskola-txiki hauetako batzuen ardura.
  • Ikuskaria. Normalean ez zen pasatzen eskola hauetatik. Diru laguntza ematen zuten udalek batzutan bidaltzen zuten udal ordezkariren bat eskolen berri jasotzera. Aldundia, 1931ean hasi zen Hezkuntza Komisioko ordezkaria eskola hauetara bidaltzen. Ordezkari hauen lana ikuskaritza ez ezik,hainbat instituzioekin (udal, auzoko batzar, ...) bitartekaritza egitea ere izaten zen. Maisu-maistren esanak eta kexak jasotzen zituzten.

II Errepublikarekin ,eskolarizazioaren aldeko haize berriak etorri ziren .Honen eraginez baileretako-eskolen kopurua ugaritu egin zen eta laguntzak ere bai.Diru laguntzak berarekin ekarri zuen ematen zen hezkuntza kontrolatu nahia ere.

Honela Diputazioko Hezkuntza Komisioaren ardurapean zegoen ikuskaritzak, urtero jarraipena egiteari ekin zion-ordura arte horrelakorik ez zen egiten-eta honen iritziaren arabera zehazten hasi ziren eman beharreko diru laguntzak.1932an 66 eskola izan ziren.Aldundiaren diru laguntza jasotakoak.

Errepublikak, lehen esan bezala,hezkuntzari berrikuntza ekarri zion,eta testuinguru honetan kokatu beharko genuke lehen aipaturiko Gipuzkoako Auzo-eskola proiektuari emango dion bultzakada, proiektua martxan jarri arren,eskola mota biak izango dira osagarri, auzo-eskola berriak garatu bitartean ezinbestekoa baitzen bailaretako eskola-txikien ekimena.

Aizarnazabalgo Zubialdeko eskola-txikia,bailaretako eskolen ereduan kokatzen da. Eskola partikular honetan adin ezberdinetako neska-mutilek jasotzen zuten eskola.

Aldundiaren proiektu berriak ez zuen herri honetan,Aizarnazabalen,eskola berririk irekitzeko aukerarik izan.Eskualdean gertuena Getariako Meagako auzo-eskola berria izan zen. 1936ko Gerrak hezkuntzarako zeuden diru laguntzak murriztu eta maisu-maistren lana errotik aldatu zuen.

Agintari berriek hezkuntza legeak erabat aldatu zituzten eta bere pentsaerarekin bat ez zetorrena zigortu eta eskoletatik kanporatua izan zen.Depurazio Komisioak martxan jarri ziren eta "itzal beltza" hedatu euskara ,,hezkuntza eta Euskal Herriarentzat.

ERREFERENTZIAK:
  • Garmendia Larrañaga, Joxe (2001). "Gipuzkoako auzo eskolak 1930-38". Tantak, 26 zbkia.
  • Garmendia Larrañaga, Joxe (2003). "Las escuelas rurals de Gipuzkoa" en Dávila Balsera (dir. Enseñanza y Educación en el País Vasco). Donostia, Erein.

Gure eskerrik beroena Joxe Garmendia Larrañagari.
UPV-EHU. Hezkuntzaren Teoria eta Historia saila.

+ Erreportaiak gehiago

 
Aizarnazabalgo Udala · Ayuntamiento de Aizarnazabal 2007 © :..e-Dukin EntreWEBS..: